Zentroa

Gardentasuna

Gardentasuna eta jasangarritasuna

BCAM Matematika Aplikatuen Euskal Zentroak herritarren konfiantza eraiki eta mantentzeko ardura du, prozesuen gardentasunari eta erakundearen kontu emateari esker. BCAMek, irabazi asmorik gabeko erakundea den heinean, gure jarduera eta eragiketei buruzko informazio eta datu ireki eta irisgarriak eskaini nahi ditu.

Gaur egun, hemen ageri den informazioaren kantitatea eta kalitatea hobetzeko lanean ari gara, erakundearen helburuei eta garatzen dituen ekintzei buruzko kontzientzia areagotzeko, hartara gure proiektuaren jasangarritasunean lagunduta. Webgune honetan aurki daiteke gure estrategia, finantza, gobernu korporatibo eta kontratazioei buruzko informazio nagusia.

Informazio estrategikoa

Eusko Jaurlaritzaren eta Euskal Herriko Unibertsitatearen laguntzarekin sortu zen matematika aplikatuen ikerketa zentroa da BCAM. Erakundearen helburu nagusia euskal zientzia eta teknologia sistema sendotzea da eta, horretarako, diziplinarteko ikerketak garatzen ditu matematikaren mugetan, zientzialari talentudunak trebatu eta erakartzeaz gain, gure emaitzen bikaintasuna herritarrengana heldu dadin. Gure jarduerak lau urteko iraupena duten plan estrategikoen arabera antolatzen dira.

BCAM (2021-2025) Plan Estrategikoaren ikerketa helburu nagusiak hemen kontsulta daitezke.

Urtero, BCAMek bere errendimendua ebaluatzen du eta txosten bat argitaratzen du lortutako emaitza garrantzitsuenekin. Dokumentu horiek gure urteko txostenen orrian aurkituko dituzu.

Erregulazioa eta gobernantza

BCAM Matematika Aplikatuen Euskal Zentroa 2008an sortu zen irabazi asmorik gabeko erakundea da eta Eusko Jaurlaritzaren Elkarteen Erregistroan izena emanda dago AS/B/14205/2009 zenbakiarekin.

BCAMen Batzar Nagusia da ikerketa zentroaren goi zuzendaritza kontseilua. Batzar Nagusia erakundeko estatutuen bitartez sortu zen eta bazkide elkartuek osatzen dute (Ikerbasque, UPV/EHU, Innobasque, Bizkaiko Foru Aldundia eta Petronor Innovación S.L). Administrazioaren ardura duen bigarren zuzendaritza kontseilua Gidaritza Batzordea da eta Euskal Elkarteen Erregistroan kontsulta daitezke uneko kideak.

Ordainsariak, erretiratzeagatiko konpentsazioa, bateragarritasun ebazpenak eta ondasun eta jardueren adierazpena: BCAMek ez die inolako ordainsaririk ematen bere bazkide elkartuei, Estatutuen 18. artikuluan xedatutako moduan.

Bazkide elkartuen ordezkariak kargu publikoak dituzten pertsona dira eta pertsona hauen erantzukizunen, ordainsarien eta erakunde publikoaren barruko bestelako betebeharren inguruko araudia esteka hauetan aurki daiteke: Ordainsariak, erretiratzeagatiko konpentsazioa, bateragarritasun ebazpenak eta ondasun eta jardueren adierazpena.

Kontratazioa

BCAMek kontratazio publikoaren arloko legedia nazionala zein nazioartekoa errespetatzen du eta, horrez gain, kontratazio publikorako politika bat ezarri du kontratazio prozedura gardenak ziurtatzeko. Uneko edo iraganeko kontratuei buruzko informazio gehigarria nahi izanez gero, jo gure Kontratatzaile Profilera.

Genero berdintasuna

BCAMek ongi ezagutzen ditu berdintasun arazoak eta, 2018an gauzatu zen analisi eta diagnostiko prozesu konplexu baten ondoren (langile guztien partaidetzarekin), zentroak Berdintasun Plan bat sortu zuen.

Berdintasun Plan hori sustatze aldera, BCAMek Berdintasun Batzordea sortu zuen, xede honekin:

“Berdintasun Batzordearen helburua erakundeko emakume eta gizonen errespetua eta eskubide zein aukera berdintasuna ziurtatzea da. 

Horretarako, Berdintasun Batzordeak erakundeak prestatu duen Berdintasun Planean ageri diren jardueren garapena, gainbegiratzea eta ebaluazioa bermatuko ditu. 

Era berean, askatasunaren, demokraziaren, justiziaren, berdintasunaren eta elkartasunaren printzipioetan oinarritutako politikak aurrera eramango ditu, eta sexismo zein sexuagatiko diskriminazioa eta esklusio forma guztiak erakundetik desagerrarazteko lan egingo du”.

Goian ageri den testuan ikus daitekeenez, BCAMek modu aktiboan sustatzen du eskubide eta aukera berdintasuna, diskriminazio modu guztiak arbuiatzeaz gain.

Informazio gehiago

BCAMek, irabazi asmorik gabeko erakundea den heinean, gure jarduera eta eragiketei buruzko informazio eta datu ireki eta irisgarriak eskaini nahi ditu.

Informazio gehigarririk behar izatekotan, jarri gurekin harremanetan: info@bcamath.org.