Zatoz gurekin lan egitera!
Zergatik lan egin BCAMen?
BCAM proiektu nazionalak zein Europako proiektuak koordinatzen dituen izen handiko zentroa da, eta beste nazioarteko zentro batzuekin lankidetzan aritzen da. BCAMen nazioarteko talde baten kide izango zara, zure karrera profesionala hobetzeko eta hazkunde pertsonalerako ingurune ezin hobean.
15 ikerketa esparrutan banatuta dauden 5 ikerketa ildoek zure interesekin bat datorren lantalde bat aurkitzeko aukera emango dizute. Ez dio axola zure karreraren zein fasetan zauden, BCAMekin bat egin dezakezu praktikaldiko ikasle moduan, doktorego ikasle moduan edo doktoratu ondorengo ikertzaile moduan. Nazioarteko beka ospetsuetarako hautagai izango zara ere.
Taldeko langileak asko ahalegintzen dira xehetasun txikienak ere zaintzeko, ikertzaileen lanean laguntzeko eta ataza administratiboetarako ere laguntza eskaintzeko.
Langileen onurak
Ikertzaileak dira ezagueran oinarritutako zentro baten aktibo nagusia eta, horregatik, BCAMek ezagueren garapenean laguntzeko eta inpaktua sortzeko aukera eskaintzen die. Onura hauek eskaintzen ditu BCAMek:
- Malgutasuna: BCAMek lanorduen eta oporraldien inguruko zenbait malgutasun neurri hartu ditu. Bizitza pertsonalaren eta profesionalaren arteko bateragarritasuna areagotzea da helburua.
- Ingurune gaztea: BCAMeko langileak maila goreneko ikertzaile gazteak dira, beren ikerketatik haratago iristeko eta guztiontzat onuragarria den ingurune bat eraikitzeko anbizioa dutenak.
- Kultura anitzeko zentroa: 25 nazionalitate inguruko ikertzaileak ditugu BCAMen.
- Nazioarteko mugikortasuna: BCAMen jardueraren garapenaren esparruan, batzuetan, langileak aldi baterako lekualdatu behar izaten dira. Horregatik, BCAMek zenbait prozesu jarri ditu abian atzerriko gastu eta laguntzarako aurrerapenak eta diru itzulerak errazteko.
- Lekualdatze zerbitzua: Bizkaia Talent da BCAMeko ikertzaileei eta beren familiei laguntzen dien irabazi asmorik gabeko erakundea. Beren Lekualdatze Zerbitzua, (EURAXESS Zerbitzu Zentroa), abian jarri zen arazo administratiboei eta Bilbo inguruan bizitzera egokitzeari (bizilekua, hezkuntza, osasuna, aisialdia, etab.) buruzko doako aholkularitza eta/edo informazioa emateko.
- Erregimen berezia lekualdatutako langileentzat: azken 5 urteetan Espainian bizi izan ez diren langileek % 35era arteko kenkaria lortu dezakete errenta aitorpenean itzuli eta hurrengo 6 urteetan zehar.
- Prestakuntza: BCAMek prestakuntza aukerak eskaintzen dizkie bere langile guztiei, bakoitzaren eginkizun eta erantzukizun mailaren arabera, trebetasun profesional eta pertsonalak garatzeko eta hazkunde profesionalean laguntzeko.
- Teknologia: BCAMek zenbait abantaila jartzen ditu langile guztien eskura teknologia informatikoak erosi eta modu partikularrean erabiltzeko.
Bilbon bizitzeko informazioa
Bilbo Bizkaiko hiriburua da (Euskal Autonomia Erkidegoa). Azken hamarkadetan, ingurune industriala izatetik hiri metropolitarragoa izatera pasa da, eremu askoren hobekuntza nabarmenarekin, besteak beste:
- Guggenheim ingurua: Bilboko museo erakargarrienetako bat, Guggenheim Museoa, Arte Ederren Museoarekin batera.
- San Mames ingurua: Athletic Cluben estadioa da eta autobus geltokitik hurbil dago, hiriko erdiguneko merkataritza eremuan.
- Alde Zaharra: auzorik zaharrena eta Bilboko jatorrizko nukleoa.
- Kale Nagusia: Bilboko merkataritza kaleak.
KLIMA
Bilboko berezko klima ozeaniko hezea da. Mendebaldeko haizeen ugaritasunak tenperaturak baretzen ditu urte osoan zehar. Itsasoaren ondoan dagoenez, bere klima epela da eta urtaroen artean ez dago hotz-beroaren arteko muturreko aldaketarik: neguko batez besteko tenperatura 8 gradukoa baita da eta udakoa 20 gradukoa.
HIZKUNTZA
Euskadi osoan gertatzen den moduan, Bilbon bi hizkuntza ofizial daude: gaztelania eta euskara.
MONETA
Bilbon, moneta ofiziala euroa da.. Merkataritza zentro eta dendarik gehienetan kreditu txartelaz ordaintzeko aukera dago.
GARRAIOA
Bizkaia ez da oso handia, beraz, erraza da Bilbotik probintziako gainerako udalerrietara iristea. Lehenik, Bilboko metroa dago, hiriburua kostaldeko zati batekin lotzen duena. Bizkaibus (lurraldeko autobus sarea) bidez ere heldu daiteke lurraldeko gainerako tokietara. Erraza da Bilbotik itsasoraino edo mendiraino hurbiltzea, zure gustuen arabera.
Erraza da ere Euskadiko gainerako tokietara iristea, autobusez edo trenez. Vitoria-Gasteiz ordubete baino gutxiagora dago eta Donostia, ordubetera, gutxi gorabehera.
GASTRONOMIA
Euskal gastronomiaren elementu bereizgarriena pintxoak dira.
Euskadik kultura gastronomiko propioa du eta tabernen inguruan antolatzen da. Ia taberna guztietan aurki daitezke pintxoak. Sarritan, tabernetako barrak pintxo mota desberdinetako platertxoz beteta egoten dira. Pintxo tradizionalak daude, eta izugarri esperimentalak ere. Ohikoa da bertako jendea txakolina, Errioxako ardoa edo zuritoak (garagardo txikiak) edaten ikustea, pintxoren bat probatzen duten bitartean. Gero, hurrengo tabernara joaten dira eta gauza bera egiten dute. Zenbaitetan, otorduen aurretik egiten da hori, janaurreko moduan, edo otorduaren ordezkoa ere izan daiteke.
INTERESEKO GUNEAK
- Guggenheim Museoa
- Arte Ederren Museoa
- Alde Zaharra
- Artxandako funikularra
- Arriaga Antzokia
- Euskalduna Jauregia
- Azkuna Zentroa
- Bilboko zubiak