BCAMeko ikertzaileek Espainiako Errege Elkarte Matematikoaren (RSME) eta BBVA Fundazioaren 2023 Matematika Sarien entrega ekitaldian egon dira
- Paula Gordaliza doktorego ondoko ikertzaileak Vicent Caselles Saria jaso zuen eta UPV/EHUko talde buru eta katedraduna den Luis Vegak RSME 2023 domina
Espainiako Errege Elkarte Matematikoak (RSME) eta BBVA Fundazioak pasa den urriaren 4an entregatu zituzten, Madrilen, Matematika Sariak. Matematikek duten eraikitzen eta lan egiten jarraitzeko ahalmena goraipatu nahi dute sari horiek, beharrezkoak diren teknologiak garatzeko eta zientziaren aurrerapenerako oinarrizko ezaguera bultzatzeko. Era berean, matematikek gizartearen eguneroko erronketan duten inpaktua ere azpimarratu nahi dute.
2023ko edizioan, Basque Center for Applied Mathematics – BCAMeko Datuen Zientzia arloko (Data Science) Paula Gordaliza doktorego ondoko ikertzaileak Vicent Caselles Saria jaso zuen, beste sei gazterekin batera, bere alorreko ikerketa lanaren bikaintasuna dela eta. Sarien epaimahaiak BCAMeko ikertzailearen tesiaren helburua goraipatu du, hau da, adimen artifizialeko (AA) algoritmoetan dauden alborapenak zuzentzea.
BCAM taldeko beste saritu bat UPV/EHUko Linear and Non-Linear Waves taldeko burua den Luis Vega katedraduna izan da. Ikertzaileak RSME 2023 Domina jaso du. Sozietate zientifiko horrek “matematikaren alorretan –esaterako, hezkuntza, ikerketa, transferentzia eta hedapena, besteak beste–, urteetan zehar, ekarpen garrantzitsu eta jarraituak egin dituztenei” ematen die sari hori.
Paula Gordalizari buruz
Paula Gordaliza Pastorrek matematika lizentzia eta ikerketa matematikoaren masterra lortu zituen, 2016 eta 2017an, hurrenez hurren, Valladolideko Unibertsitatean. Bere doktorego tesia nazioarteko baterako tutoretza hitzarmen baten esparruan egin zuen, Toulouse III-Paul Sabatier Unibertsitatearen (Frantzia) eta Valladolideko Unibertsitatearen artean. Tesia 2020ko irailean defendatu zuen Toulouse III-Paul Sabatier Unibertsitatean eta, ondoren, BCAMera sartu zen doktorego ondoko ikertzaile moduan.
Gaur egun, zentroko Machine Learning (ML) ikerketa ildoan dihardu, datuekin lotutako arazo praktiko berriak ebazteko gain diren ikaste automatikoko algoritmo berritzaile eta efizienteak garatzeko helburu nagusiarekin.
Probabilitate eta estatistika matematikoaren alorrean egin dituen ekarpenak oso baliagarriak izan dira adimen artifizialaren eta datuen zientziaren mundua ulertzeko beharrezkoa den teoria matematiko sendo bat ezartzeko, eta argitalpen garrantzitsuak egin ditu bi alorretan.
Luis Vega irakasleari buruz
Luis Vega Gonzálezek (Madril, 1960) matematika lizentzia lortu zuen Madrileko Universidad Complutensen, 1982an. Madrileko Unibertsitate Autonomoan (UAM) burutu zuen doktoregoa, 1988an, eta Chicagoko Unibertsitatean bi urteko egonaldia egin ondoren, UAMra sartu zen. 1993. urtean Euskal Herriko Unibertsitatera iritsi zen eta, 1995az geroztik, analisi matematikoko katedraduna da han.
Gaur egun, Vega irakaslea BCAMeko (Basque Center for Applied Mathematics) Severo Ochoa akreditazioaren ikertzaile nagusia da, eta mundu osoan ezaguna den aditua ere bada, deribatu partzialetako ekuazioetan eta Fourier analisian egindako lanagatik. Espainiako Errege Elkarte Matematikoaren (RSME) presidenteorde eta Espainiako Matematika Aplikatuaren Sozietatearen kide izan da, eta gaur egun International Council of Industrial and Applied Mathematics (ICIAM) erakundearen officer kidea da. Era berean, Zientzia Zehatz, Fisiko eta Naturalen Errege Akademiaren, European Academy of Sciences akademiaren eta Europaea Akademiaren kide da.
Bere ibilbide luzean, Vega irakasleak zenbait sari lortu ditu bere ikertzaile lanagatik: 2012an Euskadiko Ikerketa saria eta American Mathematical Society-ren fellow (Inaugural Class) errekonozimendua jaso zituen, eta 2015ean, matematiketako Blaise Pascal Domina.
Horrez gain, Europako Ikerketa Kontseiluak finantzatu zuen HADE (Harmonic Analysis and Diferential Equations: new challenges) proiektuaren buru izan da.
BCAMeko taldearen izenena, zorionak bihotz-bihotzez Paula eta Luisi!
Related news
Zentroari buruz
BCAMek adimen artifizialaren potentziala nabarmentzen du Innobasqueren Global Innovation Day 2024n
Zentroari buruz