BCAMeko ikertzaileek SEIO-BBVA Fundazioa 2022 Sarietako bat jaso dute
- Verónica Álvarez doktoregoko ikaslea, Santiago Mazuelas irakaslea eta José A. Lozano irakaslea izan dira sarituak estatistikako ekarpen aplikatu onenaren kategorian.
Probabilistic Load Forecasting Based On Adaptative Online Learning (Lineako ikaste moldagarrian oinarritutako karga elektrikoaren iragarpen probabilistikoa) artikuluak, Verónica Álvarez Basque Center for Applied Mathematics - BCAMeko doktoregoko ikasleak, Santiago Mazuelas BCAMeko Ramón y Cajal Ikerbasque Research Fellow ikertzaileak eta Jose A. Lozano BCAMeko zuzendari zientifikoak idatzia, estatistikako ekarpen aplikatu onenaren saria jaso du SEIO – BBVA Fundazioaren sarien entrega ekitaldian. Ekitaldia pasa den asteazkenean egin zen Madrilgo Marqués de Salamanca Jauregian. Bertan egon ziren Rafael Pardo, BBVA Fundazioaren zuzendaria, Begoña Vitoriano, Estatistika eta Ikerketa Operatiboaren Sozietatearen presidentea, Gaztela-Mantxa eta A Coruñako unibertsitateetako errektoreak, Jose Julián Garde eta José Luis Meilán Gil, eta Elena Manzanera, Estatistika Institutu Nazionaleko presidentea.
Probabilistic Load Forecasting Based on Adaptative Online Learning (Lineako ikaste moldagarrian oinarritutako karga elektrikoaren iragarpen probabilistikoa) artikuluan, IEEE-Transactions on Power Systems aldizkarian argitaratu zena, kontsumo patroietako aldaketetara egokitu eta kontsumitutako energia iragartzen ikasten duten adimen artifizialeko teknikak aurkeztu dituzte. Ikaste eta predikzio teknikak proposatu dituzte eta hainbat egoeratan ebaluatu dute teknika horien errendimendua esperimentu bidez. Zehazki, artikuluaren egileek Internet bidezko ikaste moldagarriko teknikak garatu dituzte, aldian behin ereduko parametroak eguneratzen dituztenak, eta parametro berrienak baliatuz iragarpen probabilistikoak lortzen dituzten iragarpen sekuentzialeko teknikak ere. Metodoa ebaluatzeko, tamaina desberdina eta denboran zehar kontsumo patroi desberdinak dituzten eskualdeetako datu multzoak erabili dira. Lortutako emaitzen arabera, egileek proposatutako metodoak uneko tekniken errendimendua hobetu dezake egoera askotan.
Verónica Álvarez Machine Learning ikerketa ildoko doktoregoko ikaslearen hitzetan, “sari hau egindako lanaren errekonozimendua izan da, eta lan hori gizartearen aurrean azaltzeko balio du”. BCAMeko zuzendari zientifikoa den Jose Antonio Lozanoren hitzetan, “saria ongi egindako, kalitate handiko eta nazioarteko garrantzizko lanari egin zaion errekonozimendua da. Estatistikaren arloko ekarpen aplikatu onenaren sari honek mahai gainean jarri du BCAMen egiten den ikerketa aplikatua”. “Sari hau jasotzeak kalitatea bermatuz ikertzen jarraitzera animatzen gaitu”, esan du azkenik Santiago Mazuelasek, BCAMeko Ikerbasque Research Associate ikertzaileak.
Urtero ematen diren SEIO – BBVA Fundazioa Sariak pizgarria dira helburua estatistikaren eta ikerketa operatiboaren alorreko Espainiako ikertzaileentzat, bi diziplina horietan argitaratutako ekarpenen bikaintasuna goraipatzen baitute eta gizarte osoaren aurrean ezagutzera ematen baitituzte.
Hauek dira Estatistika eta Ikerketa Operatiboaren Sozietateak (SEIO) eta BBVA Fundazioak izendatutako epaimahaia osatu duten irakasleak: Michael Greenacre (Universitat Pompeu Fabra eta Barcelona School of Economics), Jiming Jiang (University of California, Davis), Jonh Stifken (UNC Greensboro), Andrés Weintraub (Universidad de Chile), Joe Zhu (Worcester Polytechnic Institute) eta Patrick Groenen (Erasmus University Rotterdam).
Verónica Álvarezi buruz
Verónica Álvarezek matematika lizentzia lortu zuen Salamancako Unibertsitatean (Espainia), 2019an. 2019ko uztailean iritsi zen Matematika Aplikatuen Euskal Zentrora-BCAM eta aplikazio energetikoetarako datuen zientzietako teknikak garatzen ditu hor. Zehazki, energiaren kontsumo, ekoizpen eta prezioaren iragarpen probabilistikoetan dihardu gaur egun.
Santiago Mazuelas irakasleari buruz
Santiago Mazuelasek matematika eta telekomunikazioetako ingeniaritza doktoregoak burutu zituen Valladolideko Unibertsitatean 2009an eta 2011n, hurrenez hurren. 2017az geroztik, Matematika Aplikatuen Euskal Zentroko – BCAM ikertzailea da, datuen zientzia eta adimen artifiziala esparruan. Zehazki, Machine Learning ikerketa ildoan lan egiten du eta Maths & AI lantaldeko kide da. BCAMera iritsi aurretik, ingeniari moduan aritu zen Qualcomm Corporate Research and Development erakundean, eta baita doktorego ondoko ikertzaile moduan ere Massachusetts Institute of Technology (MIT) institutuko Information and Decision Systems (LIDS) laborategian. Oraindik ere ikertzaile afiliatua da han.
IEEE ComSoc RCC Early Achievement Award saria jaso du eta, duela gutxi, BBVA Fundazioaren Leonardo beka bat ere bai, oso berritzailea den ekoizpen zientifiko, teknologiko edo kulturala duten ikertzaile eta sortzaile kulturalei laguntzeko helburua duena. Bere ikerketa interes orokorra problema praktikoak ebazteko matematikaren aplikazioak dira. Gaur egun, seinaleen prozesamendu estatistikoan, ikaste automatikoan eta datuen zientzian dihardu batik bat.
Jose A. Lozano irakasleari buruz
Jose A. Lozano BCAMeko zuzendari zientifikoa da 2019az geroztik, eta Euskal Herriko Unibertsitateko Konputazio Zientzietako eta Adimen Artifizialeko katedraduna 2009az geroztik. Bere ikerketak, besteak beste, adimen artifizialean jarri du arreta, batez ere datuen analisiaren eta konbinaziozko optimizazioaren esparruetan. Intelligent Systems Group ikerketa taldearen zuzendaria da 2004az geroztik eta BCAMeko Machine Learning ikerketa ildoko buru ere, 2014az geroztik.
Bere ikertzaile ibilbide luzean, ehunka artikulutik gora argitaratu ditu aldizkari zientifikoetan, 15.000 aipamen baino gehiago lortuta, 22 doktorego tesi zuzendu ditu eta bi liburu idatzi ditu. Horrez gain, bere nazioarteko izen onari esker, adimen artifizialaren alorreko aldizkari nagusienen editore elkartu izan da eta eremu horretako inpaktu handieneko nazioarteko kongresuak antolatu ditu.
2021ean, Euskadiko Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Institutuaren (IEEE) Fellow ikertzaile izendatu dute, bera izanik izendapen hori jaso duen lehena eta bakarra.
BCAMeko taldearen izenean, zorionak bihotz-bihotzez Verónica, Santiago eta José Antoniori!