Emakumeak Zientzian, gizarte osoaren onurarako
- Hogeita lau euskal erakundek antolatu dute elkarrekin Emakumeak Zientzian ekimenaren 7. edizioko programa zabala.
- Aurtengo edizioaren helburua gizon eta emakumeen baterako erantzukizunaren garrantzia goraipatzea da, zientzian eta teknologian berdintasuna sustatzeko.
Hogeita lau erakundek beren indarrak batu dituzte Emakumeak Zientzian proiektuaren inguruan, hartara ekimenaren helburuekiko duten konpromisoa berretsita: emakumeek zientzian egiten duten jarduera ikusgarri egitea, tradizionalki gizonezkoenak izan diren rol zientifiko-teknikoekin amaitzea eta neska eta emakume gazteen artean karrera zientifikoen hautaketa sustatzea. Helburu horiek gogoan izanda, erakundeek indarrak batu dituzte otsailaren 11n antolatzen den Zientziako Emakumearen eta Neskaren Nazioarteko Eguneko programa antolatzeko.
Gainera, aurten, antolatzaileek ahalegin gehigarria egin dute gure eskura dugun talentu guztia alor zientifiko-teknikoaren zerbitzura jartzearen garrantzia azpimarratzeko, horrela lortuko baitugu gizarteak dituen erronka handietarako irtenbideak lehenago iristea. Zentzu horretan, “emakume eta gizonen baterako erantzukizuna azpimarratu nahi dugu, ezinbestekoa baita pertsona guztiei sarbide eta garapen profesional berdina eskaintzea”, adierazi dute Emakumeak Zientzian ekimenaren antolatzaileek. Horregatik guztiagatik, “deialdi berezia egiten diegu pertsona guztiei, euren generoa, nortasuna, jatorria, lanbidea edo adina edozein dela ere, jardueretan parte hartzeko”, gehitu dute.
2023ko Emakumeak Zientzian ekimenaren programazioa otsailaren 8tik 17rako astean zehar garatuko da. Askotariko ikerketa eremuak barne hartzen dituzten 50 jarduera eta sorpresatik gorako programa zabala diseinatu da, hainbat zentroren batasunari esker, ‘zientzia nesken kontua ere bada’ mezua ahalik eta pertsona gehiagorengana eramateko. Edizio berri honetan, esparru geografikoa ere zabaldu da, Bizkaiko erakundeen parte hartzearekin; beraz, programa Gipuzkoan eta Bizkaian gauzatuko da, batez ere hiriburuetan.
Motorrak abian jartzeko, aurten, Emakumeak Zientzian jai giroan hasiko da, otsailaren 8an, asteazkena, Donostian, beren lana ekimenari atxikitako erakunde eta ikerketa zentroetan garatzen duten emakume zientzialari eta teknologo guztiei omenaldia eginda. Ekitaldi berean eta lehenengo aldiz, kausarekin bat egin duen Janus Lester artista berriaren Emakumeak Zientzian himnoa aurkeztuko da. Himno berri horrekin erritmo alaia eman nahi zaio ekimenari, aliatu berriei erantzukizunak partekatzeko gonbidapena luzatzeaz gain.
Egun horretatik aurrera, Gipuzkoan eta Bizkaian, nerabeei zuzendutako ingeniaritza eta nanozientzia lantegiak eskainiko dira, mahai inguruak eta ikastetxeentzako ikerketa zentroetara bisitak, bai eta irakasleen orientazio akademikoaren inguruko saio bat ere; hori guztia etorkizuneko belaunaldientzako erreferente izan daitezkeen adibide errealak aurkezteko helburuarekin. Edizio honetako berrikuntzen artean, Eskolara buelta jarduera eskainiko diegu ikastetxeei, interesa duten zentroek gure emakume ikertzaileen bertatik bertarako bisita bat eskatzeko aukera izan dezaten ikasgeletan. Familiek Zientziaren Izarrak lantegiez gozatu ahalko dute Eureka! Zientzia Museoan,eta baita Zientziaren Altxorra jokoaz, Altxorraren bila ezagunean oinarritzen dena, edo Ginkana zientifiko dibertigarriez ere, besteak beste. Era berean, kolektibo espezifikoek ere beren txokoa izango dute, esaterako, 55 urtetik gorako emakumeek, Esperientziaren boterea jardueran. Emakume helduek kulturaren igorle moduan duten eginkizuna goraipatzeko balioko duen proposamen horretan, edonon egiteko errazak diren zenbait esperimentu labur garatuko dira , kultura zientifikoa familietan eta gure inguruneetan barneratu dadin. Horrez gain, publiko orokorrak Atzoko eta gaurko emakume zientzialariak ekitaldian parte hartzeko aukera izango du, Victoria Eugenia Club Aretoan eta Bilboko Bidebarrieta Liburutegian. Emanaldian zehar, ikerketa eremu desberdinetan diharduten zenbait emakume zientzialari eszenatokira igoko dira garatzen ari diren ikerketa proiektuez hitz egiteko eta historiako emakume zientzialariei omenaldia egiteko, emakume horien bizitza eta ekarpen zientifiko harrigarrien kontakizuna eginda.
Jarduera guztien programa eskuragarri egongo da gaurtik aurrera www.emakumeakzientzian.eus, webgunean, eta jardueretan izena emateko epea ere ireki da.
Emakumeak Zientzian ekimenaren 7. edizioa antolatu duten 24 erakundeak Euskadiko zientzia eta teknologia ehunaren lagin adierazgarria dira: Materialen Fisikaren Zentroa (CFM CSIC-UPV/EHU), Achúcarro, CIC biomaGUNE, CIC nanoGUNE, Deustuko Unibertsitatea, POLYMAT, Basque Centre for Climate Change (BC3), Basque Center for Applied Mathematics (BCAM), Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL), Biodonostia, Ceit, Cidetec, Donostia International Physics Center (DIPC), Elhuyar, Eureka! Zientzia Museoa, Biofisika Bizkaia Fundazioa (FBB), Ikerlan, Ingeniariak - Gipuzkoako Ingeniari Industrialen Elkargo Ofiziala, Euskadiko Parte Teknologikoak, Tecnalia, Tecnun-Ingeniaritza Eskola eta UPV/EHUko Informatika Fakultatea, Gipuzkoako Ingeniaritza Eskola eta Kimika Fakultatea.
Emakumeak Zientzian 2023 programak Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Donostia Sustapenaren eta Basque Research & Technology Alliance (BRTA) aliantzaren babesa izango du, bai eta jarraian adierazitako erakundeen lankidetza ere: Consejo Superior de Investigaciones Científicas (CSIC), Fundación Española de Ciencia y Tecnología (FECYT), Estatuko Ikerketa Agentzia, ekimenari atxikitako Severo Ochoa eta María de Maeztu zentroen bitartez, Euskadiko Filmategia eta Donostiako Zinemaldia, Aspegi (Gipuzkoako emakume profesional, enpresari eta zuzendarien elkartea), Aranzadi, Lemniskata sarea, Ikerbasque, Biook eta Donostia Kultura.
Related news
Zentroari buruz
BCAMek adimen artifizialaren potentziala nabarmentzen du Innobasqueren Global Innovation Day 2024n
Zentroari buruz