Geofisika problemak ebazten lagunduko duen softwarea: CO2aren karakterizazio eta biltegiratzea hobetzen ditu lurreko zorupean
- Marie-Curie Europako bekak Estatu Batuetan hazteko aukera eman dio Judit Muñoz doktorego ondoko ikertzaileari
Uhinen hedapeneko problemak ebazteko metodo numeriko efiziente, egonkor eta zehatzak diseinatzea da Judit Muñozen helburu nagusia, eta bere proiektua garatzeko aukera izan du Marie-Curie bekei esker. Garatzen ari diren softwareak Deribatu Partzial iragankorretako Ekuazioen (DPE) simulazioa egiten du, estrategia moldatzaile klasikoak zein helburuetara orientatutakoak indartzen dituzten aldi baterako integratzaile egonkorrak baliatuz. Bere lanaren amaierako xedea simulazio metodo berri hauek aplikatzea da, geofisikan agertzen diren problemak ebazteko. Zehazki, simulazio hauek lagungarriak izango dira lurreko zorupearen karakterizazioa hobetu eta karakterizazio hori CO2aren epe luzerako biltegiratzera aplikatzeko.
DPE ekuazioek naturan ikus daitezkeen prozesu fisikoak deskribatzen dituzte, hala nola uhinen hedapena edo fluido baten mugimendua. Ekuazio hauek duten arazoa da ebazpena ez dela zehazki ezagutzen; beraz, ordenagailu bidez simulatu behar dira. Ekuazio hauek ebazteko, oso garrantzitsua da simulazio metodoak oso zehatzak eta egonkorrak izatea. Bestela, iragarpena okerra izango da.
Etorkizunera begira, bekaren amaierako fasea garatutako tresnak industrian aplikatzean datza, klima aldaketaren moduko arazoei arreta berezia jarrita. Hala ere, oraingoz, proiektuaren helburu gehienak akademikoak dira gehienbat. “Horrez gain, bekan zehar”, azaltzen du Juditek, “hedapen jarduerak egingo ditut, ikerketa zientifikoko proiektuaren emaitzak jendaurrean azaltzeko”.
“Proiektuaren lehenengo urtean proposamenean ezarritako helburu guztiak bete ditugu”, esan du ikertzaileak. Egindako lanak zenbait artikulu zientifiko sortu ditu, eta horietako lau Q1 aldizkarietan argitaratu dira. Ikertzailearen aburuz, lotuta dauden ikerketa gai berriak agertu dira eta gai berri horiek UT Austin-eko Professor Demkowiczen taldeari esker landu dira. Horrek esperientzia matematikoa eman dio Judit Muñozi, denboraren eremuko DPEetarako metodo numeriko egonkortu berriak aztertu eta diseinatu ahal izateko.
2022an, Muñoz Matutek, Marie-Curie bekari esker, zenbait hedapen jardueratan parte hartu du, hitzaldiak emanez, besteak beste, ekitaldi hauetan: Finite Element Rodeo (Dallas, AEB), ECCOMAS konferentzia (Oslo, Norvegia), ICCS konferentzia (online) eta workshop MinRes lantegia (Santiago, Txile). Era berean, mini-sinposio baten antolaketan parte hartu zuen Alemaniako GACM hizketaldian eta Euskal Autonomia Erkidegoko bi eskoletako ikasleei zuzendutako bi hitzaldi eman zituen Estatu Batuetan ikertzaile gazte moduan izandako esperientzia azaltzeko. Bere hitzetan: “bekaren amairako fasean, Europara itzuliko naiz ikertzaile karrera sendo bati ekiteko behar dudan esperientziarekin”. Beka honek diziplina anitzeko ikerketa proiektu batean eta bere alorreko munduko unibertsitate onenetako batean lan egiteko aukera eman dio Muñoz Matuteri, bi urtez, bere arloko ikertzaile onenengandik ikasteko.
Judit Muñozi buruz
Judit Muñozek 2019ko urrian amaitu zuen bere doktoregoa, Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV/EHU), David Pardo eta Elisabete Alberdi irakasleen zuzendaritzapean. Masterra du Modelizazio eta Ikerketa Matematikoan, Estatistikan eta Konputazioan eta Matematika lizentzia lortu zuen ere unibertsitate berean.
Bere doktoregoan, ekuazio diferentzial partzial iragankorrak landu zituen (batez ere adbekzioak menderatutako hedapen ekuazioa, uhinen hedapen problemak eta Stokesen fluxuak), horren barne zirela elementu finituen eta diferentzia finituen metodoak, espazio-denbora aldaketa formulazioak, helburuetara zuzendutako egokigarritasuna, errore estimazioa eta hondakinak murrizteko metodoak.
Gaur egun, doktorego ondoko ikertzailea da BCAMen, David Pardo irakaslearen Mathematical Design, Modelling and Simulations (MATHDES) talde barruan. Marie-Curie Europako bekaren lehenengo bi urteetan Texaseko Unibertsitateko (Austin) "Oden Institute for Computational Engineering and Sciences" institutuan aritu zen lanean Leszek Demkowicz irakaslearekin batera.
Related news
Zentroari buruz
BCAMek adimen artifizialaren potentziala nabarmentzen du Innobasqueren Global Innovation Day 2024n
Zentroari buruz