GEOLEARN eta TIDE izan dira Europako Marie Sklodowska-Curie 2022 banakako beketan hautatutako proiektu berriak
- Matteo Croci eta Daniel Eceizabarrena ikertzaileek lortu dituzte Marie Sklodowska-Curie 2022 bekak
Matematika Aplikatuen Euskal Zentroan – BCAM garatuko diren Matteo Croci eta Daniel Eceizabarrena ikertzaileen GEOLEARN eta TIDE proiektuak Europako Marie Sklodowska-Curie 2022 (MSCA-PF) doktorego ondoko beka jasotzeko hautatu dira. Beraz, bi proiektu lortu dira Europako lehia handieneko beken artean dauden Marie Sklodowska-Curie doktorego beketan.
Matteo Crocik, GEOLEARN proiektuko ikertzaileak, honako hau esan du: “ohore handia eta lorpen bikaina da. Oso beka lehiakorra da eta oso pozik eta esker oneko sentitzen nahiz, lanean asteko irrikatan. MSCA beka zoragarria da ematen duen laguntza ekonomikoagatik, baina, nire ustez, bere ezaugarri erakargarrienak dira nire ikertzaile karreraren hasieran neure ikerketa emateko aukera ematea eta etorkizunean lanpostu iraunkor bat lortzeko ematen didan bultzada profesionala”.
GEOLEARN proiektuaren helburua hidrogenoa biltegiratzeko teknologiak orientatzea da, lurpeko eskala anitzeko neurketa elektromagnetikoak denbora errealean alderantzikatuz, horretarako energiaren ikuspuntutik efizienteak diren deep learning (DL) metodoak baliatuta. Ahalegin horretan, GEOLEARN proiektuak onura aterako die zehaztasun mistoko (mixed-precision - MP) kalkuluei energia efizientzia areagotzeko eta eskalagarritasuna ziurtatzeko.
Bere diziplina arteko ikerketak bi ardatz ditu gaur egun: 1) maila/fideltasun anitzeko Monte Carlo metodoak, ziurgabetasunaren kuantifikazioa eta estokastika konputazionala; eta 2) zehaztasun murriztu eta mistoko algoritmoak (RP eta MP), batez ere ekuazio diferentzial partzialak (EDP) ebazteko. “Gai hauek hainbat aplikazio dituzte konputazio zientifikoan eta ikaste automatikoan. Esaterako, metodo hauek aplikatu ditut garuneko fluidoen simulazioan, biomedikuntzako informatikan, iragarpen meteorologiko eta klimatikoan eta plasmen fisikaren simulazioetan. Aldiz, MSCA proiektuak hidrogeno biltegiratzearen eta geofisikaren aplikazioetan jarriko du arreta. Industriarekin lankidetzan arituko gara proiektuaren emaitzak ezagutzera emateko eta proiektua ahalik eta gehien ustiatzeko. Metodo berriek inpaktu handia izango dute mundu akademikoan eta handik kanpo”, azaldu du Crocik.
Daniel Eceizabarrena da TIDE proiektuaren arduraduna: turbulentzia eta interakzioak ekuazio dispertsiboekin eta Fourier analisia. “Beka hau lortzeak eta proposatu nituen proiektuak epaimahaiaren interesekoak izan direla jabetzeak nire konfiantza areagotu du nire lanean eta nire ikerketa ildoan aurrera jarraitzeko. Gainera, bekaren baliabide zoragarriak oso lagungarriak izango dira bidaiatzeko, konferentzietan parte hartzeko eta lankidetza berriak ezartzeko. BCAMera itzultzeak eta lankide zahar zein berriekin lanean aritzeak ere ilusio handia egiten dit”, esan du Eceizabarrenak.
Fluido eta olatuen turbulentzia gure ingurumena gobernatzen duen mekanismo garrantzitsua da eta eragina du aireko bidaietan, ozeanoaren azaleraren iragarpenean edo eguraldiaren iragarpenean, besteak beste. Egunero erabiltzen dira simulazioak turbulentzia aurresateko, baina bere deskribapen matematiko zehatza Fisika Matematikoan zabalik dauden arazo handienetako bat da. Bestalde, EDP dispertsiboak oso eredu arrakastatsuak izan dira zenbait fenomeno fisikotarako. “Proiektu honekin bi teorietan egin nahi dut aurrera, turbulentzian eta EDP dispertsiboetan, haien arteko interakzioaz aztertzeaz gain. Horretarako, Fourier analisi teknikak, probabilitatea, zenbakien teoria eta geometria erabiliko ditut”, azaldu du Daniel Eceizabarrena ikertzaileak.
Bere ikerketaren xedea fluido turbulentuak zehaztasunez deskribatzean da. Zenbait fenomeno, hala nola aldizkakotasuna eta multifraktalitatea, oro har onartu eta esperimentuetan behatu izan dira, “baina oraindik ez dugu fenomeno horiek matematikoki deskribatzeko erabat egokia den modurik aurkitu. Teoria gogobetegarri bat aurkitzeko, aldizkako fenomeno eta fenomeno multifraktalen adibide matematiko zorrotzak behar ditugu”, gehitu du
Matteo Crociri buruz
Matteo Croci aditua da konputazio zientifikorako zehaztasun mistoko metodoetan eta 4 urtez aritu da industriarekin lankidetzan ikerketaren eremuan. BCAMen David Pardo irakaslearekin arituko da lankidetzan. Pardok esperientzia zabala dauka geofisikako alderantzizko problemetarako eta elementu finituen metodoetarako (MEF) deep learning metodoetan, eta proiekturako garrantzitsuak diren enpresekin lankidetzan ari da gaur egun.
Daniel Eceizabarrenari buruz
Daniel Eceizabarrena Daniel Eceizabarrenak Fourier analisia eta EDP dispertsiboak lantzen ditu, batez ere fluido eta uhinen turbulentziatik eratorritako problemetan. Gaur egun, Simons doktorego ondoko ikertzaile elkartua da Massachusetts Amherst Unibertsitatean, eta Simons Collaboration on Wave Turbulence ekimeneko kidea. 2020an lortu zuen Matematika eta Estatistika doktoregoa BCAMen eta Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV/EHU), eta Vicent Caselles 2022 saria lortu zuen hari esker. BCAMen Luz Roncal eta Renato Lucà doktoreekin arituko da lankidetzan, biek ere oso ibilbide luzea baitute ekuazio partzial diferentzialen (PDE) eta Fourier analisien ikerketan.
Marie Slowdowska-Curie banakako bekei buruz
Marie Skłodowska-Curie Ekintzek ikerketa eta bikaintasuneko berrikuntza finantzatzeko balio dute eta beren karrerako edozein fasetan dauden ikertzaileei ezaguera eta gaitasun berriak eskaintzen dizkiete, mugaz haraindiko mugikortasunari eta sektore eta diziplina desberdinekiko esposizioari esker. MSCA bekek Europaren ikerketa eta berrikuntza gaitasuna garatzen laguntzen dute, ikertzaile bikainen epe luzerako karreretan inbertituz.
Era berean, MSCA bekek doktoregoko eta doktorego ondoko prestakuntza programa bikainak eta mundu osoko lankidetzako ikerketa proiektuak finantzatzeko ere balio dute. Modu horretan, inpaktu egituratzailea lortzen dute goi mailako hezkuntza erakundeetan, ikerketa zentroetan eta erakunde ez akademikoetan.
MSCA bekek bikaintasuna sustatzen dute eta kalitate handiko ikertzaileen hezkuntza eta prestakuntzarako arauak ezartzen dituzte, Ikertzailearen Europako Gutunarekin eta ikertzaileak kontratatzeko Jokabide Kodearekin bat etorriz.
Related news
Zentroari buruz
BCAMek adimen artifizialaren potentziala nabarmentzen du Innobasqueren Global Innovation Day 2024n
Zentroari buruz