IKUR Hitzaldi Kuantikoak. Simulagailu kuantikoen hurrengo belaunaldia
2023/05/17 19:00
Bastida Aretoa – Azkuna Zentroa – Bilbo
Hizkuntza: Ingelesa / Aldibereko itzulpena: Euskara eta Gaztelania
Sarrera librea
Maciej Lewenstein, fisikaria
Zientzia Fotonikoen Institutua (ICFO)
Simulagailu kuantikoak garapen bidean dagoen teknologia kuantikoa dira eta materialen zientziaren, sendagaien aurkikuntzaren edo kimikaren moduko alorrak iraultzeko potentziala dute, aurkikuntza zientifikoen eta berrikuntza teknologikoaren garai berri bati bidea emanda.
Simulagailu hauek sistema kuantiko konplexuak modelizatzeko gai dira, ohiko ordenagailuen gaitasunak nabarmen gainditzen baitituzte. Horregatik, ezinbesteko tresna bilakatuko dira material berriak garatu nahi dituzten, erreakzio kimikoak optimizatu nahi dituzten, oinarrizko partikulak arautzen dituzten ekuazioak ebatzi nahi dituzten edo unibertsoaren sekretuak argitu nahi dituzten ikertzaileentzat.
Ordenagailu kuantiko unibertsalak iritsi aurretik ere, aurrerapauso handiak ikusiko ditugu seguruenik, simulagailu kuantikoei esker, zientziaren eta teknologiaren zenbait alorretan. Simulagailu horien potentzia areagotu eta erabilera orokortu ahala, zientziaren alor desberdinetako ikertzaileen arteko lankidetzak ere gora egingo du, eta horrek ordura arte ezinezkotzat jotzen ziren aurkikuntza eta aurrerapenak ekarriko ditu.
Maciej Lewenstein (Varsovia, 1955) askotariko alorretan (optika kuantikoan eta informazio kuantikoan, besteak beste) ekarpen garrantzitsuak egin dituen fisikari ospetsua da. Gaur egun, hogeita bost zientzialarik osatutako talde baten buru da, ICREA ikerketa irakasle moduan, Kataluniako Zientzia Fotonikoen Institutuan (ICFO). Hitzaldi honetan, simulagailu kuantikoen etorkizun itxaropentsua eta ikerketa zientifikorako eta aurrerapen teknologikorako dakartzaten aukera zirraragarriak aztertuko ditu.
Lewensteinen ekarpen nagusietako bat atomo ultrahotzak baliatzen dituen simulazio kuantikoa izan da. Bere lanari esker frogatu da gas atomikoak erabil daitezkeela beste era batera, ordenagailu arruntekin, trataezina izango litzatekeen sistema gorputz ugariren dinamika kuantikoa imitatzeko. Informazio kuantikoaren alorrean ere ekarpen garrantzitsuak egin ditu, batez ere korrelazio kuantikoaren teoriari dagokionez.
Lewensteinek seiehun artikulutik gora eta sei liburu argitaratu ditu, eta sari nazional zein nazioarteko ugari jaso ditu, besteak beste: Fundacja Nauki Polskiej erakundeak ematen duen "Poloniako Nobel" saria, Optika Kuantiko eta Elektronikoaren EPS saria eta Willis Lamb saria. Poloniako Zientzia Akademiaren kide atzerritarra da eta Europako Akademiaren kidea. Hiru ERC Advanced Grant beka ere jaso ditu eta aipamen ugariko ikertzailea izan da zazpi urtez jarraian, 2014tik 2020ra.
Donostia International Physics Center zentroko (DIPC) Ikerbasque ikertzailea den Geza Giedke, Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Enrique Rico eta Basque Center for Applied Mathematics zentroko (BCAM) Jean Bernard Bru, denak ere Euskal Autonomia Erkidegoko teknologia kuantikoetako lider eta adituak, izan dira IKUR Hitzaldi Kuantikoak abiaraztearen arduradunak, teknologia kuantikoen oinarri zientifikoa eta potentziala ezagutzera emateko helburuarekin.
Hitzaldi ziklo hau Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Sailak sustatzen duen IKUR Estrategiaren esparruan kokatzen da. Estrategia horrek NextGenerationEU funtsen laguntza jasotzen du Plan Osagarrien (PRTR-C17.I1) bitartez.
Lehenengo hitzaldi hori streaming-ean jarraitu ahalko da DIPCren YouTube kanalean:
Related news
Zentroari buruz
BCAMek adimen artifizialaren potentziala nabarmentzen du Innobasqueren Global Innovation Day 2024n
Zentroari buruz