Iñigo Urteaga BCAMeko ikertzaileak La Caixa Junior Leader 2022 beka jaso du

 

  • Urteaga Bartzelonako La Caixa Fundazioaren La Caixa Junior Leader 2022 programako beken entrega ekitaldian egon da

Iñigo Urteagak La Caixa Junior Leader Programme 2022 beka ospetsua jaso du. Bekak entregatzeko ekitaldia Bartzelonan antolatu da eta 2022ko doktorego eta doktorego ondoko deialdietan hautatutako 105 pertsonen parte hartzea izan du.  La Caixa Junior Leader programa mundu osoko ikertzaile gazteei zuzendutako garrantzi handieneko finantza programetako bat bihurtu da, Espainia eta Portugaleko ikerketan bikaintasuna sustatzeko helburuarekin.

Bekarekin batera, Iñigo Urteagak errekonozimendu profesionala eta finantzaketa ere jasoko ditu bere ikertzaile karrerarekin jarraitzeko Basque Center for Applied Mathematics – BCAMeko Machine Learning taldean. Urteagak Estatu Batuetan garatu du bere ikertzaile karrera eta Junior Leader beka honek bere jatorrizko herrialdera itzultzeko aukera emango dio. “Neure ikerketa proiektua diseinatu eta garatzeko aukera bat da; ikerketa ideia berriak arakatu eta horietan sakontzeko balioko dit, ikertzaile nagusi independente moduan”, azaldu du.

Bere ikerketak eredu estatistikoetan eta algoritmoetan jartzen du arreta,, sistema informatikoek –behaketa datuak abiapuntu hartuta, jarraibiderik gabe– bizitza errealeko lanak egiten ikas dezaten, modu eraginkorrean. Zehazki, sistema hauek denboran zehar aldatuz doazen fenomenoen erronkei aurre egiteko modua ikertzen du, neurketa prozesu ez ausazkoen bitartez.

Osasun arretan ikaste automatiko estatistikoa aplikatzea motibazioa da, alde batetik, eta proposatu den ikerketarako erabilera kasua, bestetik. Historia kliniko elektronikoen, genomikaren eta osasunaren mugikorreko jarraipenean, bildutako datuak zenbait denborazko ebazpenetan neurtzen dira eta, sarritan, eskasia eta gabezia patroiak ageri dituzte. “Ikaste automatiko estatistikorako algoritmo eta metodo berritzaileak ikertu eta diseinatzeaz gain, mundu errealean duten errendimendua ere ebaluatuko dut, esaterako, lehen aipatu ditudan osasun aplikazioetan”, gehitu du BCAMeko ikertzaileak.

Finantzaketarekin batera, Junior Leader programak prestakuntza eta trebetasunak garatzeko programa zabala ere eskaintzen die ikertzaileei, bai eta munduko beste ikertzaile batzuekin harremana eta lankidetza ezartzeko aukera ere.

“BCAMeko Data Science eta Machine Learning arloetako beste ikertzaile batzuekin lankidetza estuan arituko naiz eta lankidetza metodologiko zein aplikatuak sustatuko ditugu. Gainera, proiektua onuragarria izango da osasun arretarako modelatze estatistikoari eta datuen zientziari buruz egiten ari diren ahaleginetarako, Basque Modeling Task Force (BMTF) ekimenaren esparru barruan”, esan du Urteagak.

Ikertzaile gazteak Junior Leader beka kontuan hartzera animatzen ditut; izan ere, oso izen ona duen aukera profesionala da eta inpaktu nabarmena izan dezake gure etorkizuneko karrera akademiko eta profesionalean. Gure ikerketa gauzatzeko laguntza ekonomikoa emateaz gain, hazkunde profesionalerako ere aukera ugari dakartza, sareak sortzeko hainbat jarduerarekin eta garapen profesionalerako lantegi ugarirekin”, esan du amaitzeko Iñigo Urteaga ikertzaileak.