Neurozientzia eta adimen artifiziala, diziplina anitzeko proiektua

Miguel Aguilerak urtero ematen diren berrogei La Caixa Postdoctoral Junior Leader – Incoming Fellow 2023 lehia handiko beketako bat lortu du

Miguel Aguilera ikertzailea La Caixa Postdoctoral Junior Leader Fellowship - Incoming 2023 beka ospetsuaren onuradun aukeratu dute. La Caixa Fundazioko hogeita bost Incoming bekadun beri hautatu dituzte jasotako eskabide guztien artean. Beka honek 25 Incoming eta 15 Retaining beka eskaintzen dizkie berrogei ikertzaileri, beren karrera zientifikoak garatzen jarraitzeko eta Espainian zein Portugalen zientzia berritzaile eta aurrendaria sortzeko.

Doktorego ondorengo bekekin zenbait urte eman ondoren, Miguel Aguilera Basque Center for Applied Mathematics – BCAMera iritsi zen, Ikerbasque Research Fellow moduan, 2022an, eta Mathematical, Computational and Experimental Neuroscience (MCEN) ikerketa ildoarekin bat egin zuen. Aguileraren hitzetan, “lehenengo aldiz, epe luzerako helburuak dituen ikerketa plan bat eraikitzeko aukera daukat orain, eta Junior Leader Fellowship delakoak aukera ezin hobea dira ikertzaile gazteek norabide horretan aurrera egiteko”.

Miguel Aguileraren proiektuak transformer ereduen (txat GPTren moduko azkenaldiko aurrerapauso iraultzaileen atzean dagoen teknologia) eta neurozientziaren arteko konexioa arakatu nahi du, batez ere hipokanpoko zirkuituek esperientziaren mendekoa den informazio espaziala kodetzeko duten modua. “Bi kasuetan ere, oso zaila da sare neuronalek (artifizialak edo biologikoak) fluxu sentsorialen eta barne egoeren aldaketa dinamikoekin interakzioan nola jokatzen duten aztertzea “, nabarmendu du Aguilerak. Fisika estatistikoaren orekarik gabeko metodoak baliatuz, etengabeko aldaketan dauden sare neuronalen eta beren inguruneen arteko interakzio jarraituaren deskribapen matematiko erraztuak garatuko ditu.

Ikerketa horri esker, hobe ulertuko ditugu adimen artifizialeko (AA) ereduak eta zirkuitu neuronal biologikoak. Aguilerak erabiliko dituen metodoak lagungarriak izan daitezke laborategian grabatu diren behaketa esperimentalak modu sakonagoan ulertzeko, mugitzen ari diren animalien milaka neuronen aktibazioa islatzen duten ahalmen handiko datuak atzitzeko teknologien bitartez. “Adimen artifizialari dagokionez, epe luzera, sare neuronal handien jokabiderako hurbilketa matematikoak aurkitzen badira, baliteke milaka milioi parametrodun ereduak entrenatu eta exekutatzeak dakarren energia kontsumo handia eta karbono aztarna murriztea lortzea” azaldu du Miguel Aguilera ikertzaileak. Azkenik, sare artifizial eta biologikoek informazioa modu moldagarrian prozesatzeko moduaren konexioak aurkitzeak ezaguera berriak ekar ditzake garunaren eta giza adimenaren funtzionamenduari buruz.

 

BlosBJmW44O5jV7H

 

La Caixa-ren bekak abangoardiako ikerketa ingurune estimulatzailea eskaintzen die ikertzaileei, bai eta beren arloetako adituekin lankidetza estuan aritzeko aukera ere. Miguel Aguilerak buruz buru lan egingo du topologia aljebraikoan adituak dituen MCEN ikerketa taldeko ikertzaileekin: “espero dut, hipokanpoko zirkuituen datuak aztertzean, ezaguera horiek erabili ahal izatea sare neuronalen ereduen ezaugarri topologikoen eta animaliak nabigatzen duen espazioaren ezaugarrien arteko loturak ezartzeko”, adierazi du BCAMeko ikertzaileak.

BCAMeko beste ikertzaile batzuen interes berak ditut hainbat alorretan, hala nola orekarik gabeko fisika estatistikoa edo proiektu honekin zuzeneko lotura duten ikaste automatikoko sare neuronalen inferentzia metodoak, besteak beste, eta horrek lankidetza bikainak sortaraz ditzake. Gainera, Biofisika edo Biocrucesen moduko beste euskal zentro batzuetako ikertzaileekin ere lankidetzan arituko naizela espero dut”, gehitu du Aguilerak. Bekaren onuradunek Espainiako ikerketa zentro nagusien sarerako sarbidea izango dute, eta askotariko diziplinak barne dituzten proiektuetan lanean arituko dira, bioteknologiatik fisikara.

La Caixa Postdoctoral Fellow Junior Leader beka entzutetsua La Caixa Fundazioak ematen du eta talentu eta etorkizun handieneko mundu osoko ikertzaileak Espainian lan egitera erakartzeko diseinatu da. Miguel Aguilerak diziplina arteko proiektu batekin aurkeztu zuen bere hautagaitza: “aurkeztu nintzenean, nire kezka zen proiektuak diziplina arteko izaera nabarmenegia zuela agian, ebaluazio on bat jasotzeko”, adierazi du. Ebaluazioa eginda, epaimahaian goraipatu egin zuen proiektuaren alderdi hori, “ez da beti horrela izaten, baina jasotako erantzun positiboa ikusita, hautagaiei emango niekeen aholkua izango litzateke proposamenetan ideia ausart eta sormenezkoak lantzeko beldurrik ez izatea. Jakina, nolabaiteko arriskua dakar horrek, baina, nire ustez, gero eta gehiago dira diziplina arteko proiektu zientifikoen balioa ulertzen duten ebaluazio panelak. Hautagaiak garen heinean, sistema pixkanaka aldatzeko gaitasuna dugu ere, zirraragarria eta jakin-minak bultzatua den zientzia bat eraikitzen laguntzeaz gain”, esan du Aguilerak amaitzeko.