TANGO proiektua lehenengo bilerarekin hasi da
- Helburuen artean, proiektuak eragin positiboa lortu nahi du pertsonen eta Adimen Artifizialaren (AA) arteko hurbilketan
Adimen artifizialak (AA) giza erabakiak hobetzeko eta arrisku handiko egoeretan gainkarga kognitiboa zein alborapenak saihesteko potentzial izugarri handia du. TANGO proiektuaren arabera, AAk bere potentzial handia erabat garatu ahal izateko, pertsonen, gizartearen eta ekonomiaren gaineko inpaktu positiboari dagokionez, zeharo planteatu beharko dugu, hutsetik, AA sistemak diseinatzeko modua. Europar Batasunak ikerketa hau eta alor honetako berrikuntza sustatzeko beharra aitortu du, eta, pasa den martxoan, TANGOk 8 milioi euro lortu zituen gizaki-makina erabakiak hartzeko sinergiaren oinarri teorikoak eta esparru konputazionala garatzeko. Horrela, bidea zabaldu nahi izan zaio gizakia erdigunean jartzen duten AA sistemen hurrengo belaunaldiari.
Novi Quadrianto irakasleak (Sussexeko Unibertsitatea - BCAM), Oliver Thomasekin (Sussexeko Unibertsitateko doktorego ondoko ikertzailea) batera,Matematika Aplikatuen Euskal Zentrotik (BCAM) parte hartu zuen proiektuan. "Oso pozik gaude proiektu garrantzitsu honetan lanean hasiko garelako, partzuergoko kide bikainekin; inpartzialtasun eta alborapen kontsiderazioak dituzten eredu fidagarrien garapenaz arduratuko gara, eta eredu fidagarri horiek erabakiak hartzeko prozesu etiko eta fidagarri bihurtuko ditugu", esan zuen Quadriantok. BCAMen egindako lana “BCAM Severo Ochoa Strategic Lab on Trustworthy Machine Learning” ekimenaren esparruan kokatu zen. Bere aldetik, Jose A. Lozanok proiektuaren Batzar Nagusian parte hartu zuen, eta Ainara Gonzálezek (BCAMeko Project Manager) lineako partaidetza izan zuen workshop-ean, proiektuaren kudeaketaren aldetik, BCAMetik.
Pertsonek haiekin elkarreragina duten sistemengan konfiantza izan dezaketela sentitu behar dute, sistema horien aurreikuspen eta erabakien fidagarritasunaren aldetik, sistemek duten beren beharrak ulertzeko gaitasunaren aldetik eta sistemen benetako helburua pertsonei laguntzea dela jakinda, eta ez adierazi ez den hirugarren bati. Beste era batera esanda, gizakien eta makinen arteko sinbiosia sortu behar da, eta alderdi guztiek balio, helburu eta sinesmen berak izan behar dituzte, alderdi bakoitzak lor dezakeenetik haratago doazen helburuak elkarri lagunduta lortzeko. Dena den, orain arte, AAn oinarritutako laguntza sistemen ezarpena oso txikia izan da ospitale, epaitegi eta administrazio publikoen moduko inguruneetan. Workshop-ean, proiektuaren baitako zenbait gai garrantzitsu landu ziren, hala nola ulermenaren oinarri kognitiboak, ikaste automatikorako algoritmoak edo erabakiak hartzeko prozesu hibridorako algoritmoak. Horrez gain, bere softwarearen ekosistema eta TANGO proiektuaren zenbait kasu praktiko ere jorratu ziren.
Europar Batasunak finantzatutako proiektu berria martxan jarri da Europako 9 herrialdetako 21 erakunde bazkiderekin, horien barne direla unibertsitateak, ikerketa zentroak, instituzioak, fundazioak eta enpresak. Erakundeetako zazpi Italiakoak dira (Trentoko Unibertsitatea -sarea koordinatzen duena-, Pisako Unibertsitatea, Italiako Ikerketa Kontseilu Nazionala, Scuola Normale Superiore, Fondazione Bruno Kessler, U-Hopper srl, Intesa Sanpaolo), lau Serbiakoak (The AI Research and Development Institute of Serbia, SHARE Foundation, A 11-Initiative for Economic and Social Rights, Familia Ongizate eta Demografia Ministerioa), bi Erresuma Batukoak (University of Swansea, University of Warwick), bi Belgikakoak (Center for European Policy Studies, EIT Digital), bat Frantziakoa (Université Paris Cité) eta beste bana Irlandakoak (Carr Communications), Suediakoak (Surgical Science Sweden AB), Alemaniakoak (University Hospital Heidelberg), eta Espainiakoak (Basque Center for Applied Mathematics).
BCAMi buruz
Basque Center for Applied Mathematics - BCAM matematika aplikatuen arloko nazioarteko ikerketa zentroa da , Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren babespean sortu zen eta BERC (Basque Excellence Research Centers) sarearen kide da. Eusko Jaurlaritzak 2008an sortu zuen zentroa Ikerbasqueren bidez. Era berean, UPV/EHUren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Innobasqueren eta Petronor Innovacion erakundearen laguntza jasotzen du eta, 2022az geroztik, Bilboko Udalarena ere bai. Bere helburu nagusietako bat matematika gizartearen zerbitzura jartzea da, ezagueraren transferentziaren bidez, modu horretan bere ikerketaren emaitzak biozientzien, osasunaren, energiaren edo fabrikazio aurreratuaren gisako sektoreetara zabalduta, betiere tokiko zein nazioarteko erakunde eta enpresekin lankidetzan.
Gaur egun, 25 herrialdetako 150 ikertzailetik gora dituen lan taldea dauka, zenbait arlotan banatuta, hala nola datuen zientzia, matematika konputazionala edo modelatze matematikoa, besteak beste. BCAMek hiru aldiz jarraian jaso du “Severo Ochoa” bikaintasun zentroaren ziurtagiria, azkena 2021. urtean. Estatuko Ikerketa Agentziak ematen duen ziurtagiri horrek beren alorreko munduko ikerketa erakunde onenak goraipatzen ditu.
Related news
Zentroari buruz
BCAMek adimen artifizialaren potentziala nabarmentzen du Innobasqueren Global Innovation Day 2024n
Zentroari buruz