TANGO proiektuak Europar Batasunaren 8 milioi euro jaso ditu
- Europar Batasunak finantzatutako proiektu berria 2023ko udazkenean jarriko da abian, Europako 9 herrialdetako 21 erakunde bazkiderekin
- Helburuak gizakia erdigunean jartzen duten Adimen Artifizialeko (AA) sistemen belaunaldi berri bat garatzea eta Europak eremu horretan duen lidergoa indartzea dira
Adimen artifizialak giza erabakiak hobetzeko eta, arrisku handiko egoeretan, gainkarga kognitiboa eta alborapenak saihesteko potentzial izugarria dauka. Hala ere, orain arte, AAn oinarritutako laguntza sistemen ezarpena oso txikia izan da ospitale, epaitegi eta administrazio publikoen moduko inguruneetan.
Europar Batasunak ikerketa hau eta alor honetako berrikuntza sustatzeko beharra aitortu du, eta, pasa den martxoan, TANGOk 8 milioi euro lortu zituen gizaki-makina erabakiak hartzeko sinergiaren oinarri teorikoak eta esparru konputazionala garatzeko. Horrela, bidea zabaldu nahi izan zaio gizakia erdigunean jartzen duten AA sistemen hurrengo belaunaldiari. 2023ko udazkenean Europako 9 herrialdetako 21 erakunderekin abiaraziko den Europar Batasunak finantzatutako proiektu berriarekin Europak eremu honetan duen lidergoa indartu nahi da.
TANGO proiektuaren arabera, AAk bere potentzial handia erabat garatu ahal izateko, pertsonen, gizartearen eta ekonomiaren gaineko inpaktu positiboari dagokionez, zeharo planteatu beharko dugu, hutsetik, AA sistemak diseinatzeko modua. Pertsonek haiekin elkarreragina duten sistemengan konfiantza izan dezaketela sentitu behar dute, sistema horien iragarpen eta erabakien fidagarritasunaren aldetik, sistemek duten beren beharrak ulertzeko gaitasunaren aldetik eta sistemen benetako helburua pertsonei laguntzea dela jakinda, eta ez adierazi ez den hirugarren bati. Beste era batera esanda, gizakien eta makinen arteko sinbiosia sortu behar da, eta alderdi guztiek balio, helburu eta sinesmen berak izan behar dituzte, alderdi bakoitzak lor dezakeenetik haratago doazen helburuak elkarri lagunduta lortzeko.
“Bi behar dira TANGOa egiteko! Gure aburuz, gizakien eta makinen arteko ulermen sakona ezinbestekoa da gizakion arrazonamendu eta erabakiak hartzeko gaitasunak zabaltzen dituzten AA sistema eraginkor eta berritzaileak garatu ahal izateko”, adierazi du Andrea Passerini proiektuaren koordinatzaileak.
TANGO esparruak banakoengan eta gizartean izango duen inpaktu potentziala ebaluatzeko oihartzun sozial handiko erabilera errealeko zenbait kasu erabiliko dira: emakumeei zuzendutako laguntza haurdunaldi eta erdiondokoan, talde kirurgikoei zuzendutako laguntza ebakuntza barneko erabakiak hartzeko, kudeatzaile eta mailegu eskatzaileei zuzendutako laguntza kredituak emateko erabaki prozesuetan eta politika publikoen arduradunei zuzendutako laguntza pizgarriak diseinatzeko eta funtsak esleitzeko. Kasu praktiko hauen arrakastak TANGOren ezarpena sustatuko du, AA sistema sinergikoen belaunaldi berri bat garatzeko erreferentzia esparru moduan, eta gizakia erdigunean jartzen duen AAren esparruan Europak duen lidergoa indartuko du.
Novi Quadrianto irakasleak (Sussexeko Unibertsitatea - BCAM) proiektuan parte hartuko du Matematika Aplikatuen Euskal Zentrotik. “Oso pozik gaude proiektu garrantzitsu honetan lanean hasiko garelako, partzuergoko kide bikainekin; inpartzialtasun eta alborapen kontsiderazioak dituzten eredu fidagarrien garapenaz arduratuko gara, eta eredu fidagarri horiek erabakiak hartzeko prozesu etiko eta fidagarri bihurtuko ditugu”. “BCAMen egindako lana BCAM Severo Ochoa Strategic Lab on Trustworthy Machine Learning ekimenaren esparruan kokatuko da”, gehitu du Quadrianto irakasleak.
Partzuergoa
21 erakunde bazkideen artean Europako 9 herrialdetako unibertsitateak, ikerketa zentroak, instituzioak, fundazioak eta enpresak daude. Erakundeetako zazpi Italiakoak dira (Trentoko Unibertsitatea -sarea koordinatzen duena-, Pisako Unibertsitatea, Italiako Ikerketa Kontseilu Nazionala, Scuola Normale Superiore, Fondazione Bruno Kessler, U-Hopper srl, Intesa Sanpaolo), lau Serbiakoak (The AI Research and Development Institute of Serbia, SHARE Foundation, A 11-Initiative for Economic and Social Rights, Familia Ongizate eta Demografia Ministerioa), bi Erresuma Batukoak (University of Swansea, University of Warwick), bi Belgikakoak (Center for European Policy Studies, EIT Digital), bat Frantziakoa (Université Paris Cité) eta beste bana Irlandakoak (Carr Communications), Suediakoak (Surgical Science Sweden AB), Alemaniakoak (University Hospital Heidelberg), eta Espainiakoak (Basque Center for Applied Mathematics).
Matematika Aplikatuen Euskal Zentroari (BCAM) buruz
Basque Center for Applied Mathematics - - BCAM matematika aplikatuen arloko nazioarteko ikerketa zentroa da , Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren babespean sortu zen eta BERC (Basque Excellence Research Centers) sarearen kide da. Eusko Jaurlaritzak 2008an sortu zuen zentroa Ikerbasqueren bidez. Era berean, UPV/EHUren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Innobasqueren eta Petronor Innovacion erakundearen laguntza jasotzen du eta, 2022az geroztik, Bilboko Udalarena ere bai. Bere helburu nagusietako bat matematika gizartearen zerbitzura jartzea da, ezagueraren transferentziaren bidez, modu horretan bere ikerketaren emaitzak biozientzien, osasunaren, energiaren edo fabrikazio aurreratuaren gisako sektoreetara zabalduta, betiere tokiko zein nazioarteko erakunde eta enpresekin lankidetzan.
Gaur egun, 25 herrialdetako 150 ikertzailetik gora dituen lan taldea dauka, zenbait arlotan banatuta, hala nola datuen zientzia, matematika konputazionala edo modelatze matematikoa, besteak beste. BCAMek hiru aldiz jarraian jaso du “Severo Ochoa” bikaintasun zentroaren ziurtagiria, azkena 2021. urtean. Estatuko Ikerketa Agentziak ematen duen ziurtagiri horrek beren alorreko munduko ikerketa erakunde onenak goraipatzen ditu.
Related news
Zentroari buruz
BCAMek adimen artifizialaren potentziala nabarmentzen du Innobasqueren Global Innovation Day 2024n
Zentroari buruz