2023 SIGEVO Saria ekarpen garrantzitsuenari

Carlos A. Coello Coello doktoreak  pasa den uztailaren 19an jaso zuen ACM Special Interest Group on Evolutionary Algorithms (SIGEVO) Outstanding Contribution Award saria Dr. Franz Rothlauf-en (Chair del SIGEVO Executive Committee) eskutik.

Saria Coello Coello irakaslearen lanaren errekonozimendu gisa eman da, helburu bakarreko eta helburu anitzeko optimizazio teknikei metaheuristika bioinspiratuen bitartez egindako ekarpen aitzindariengatik.

Ekitaldia Lisboan (Portugal) egin zen eta aurreko urteetan saria jaso zuten zenbait ikertzailek parte hartu zuten, besteak beste: Marc Schoenauer, Darrell Whitley, Kenneth de Jong, Una May O’Reilly, Erik Goodman eta Wolfgang Banzhanf. Aurten, sari bera eman zaio ere Emma Hart doktoreari, Evolutionary Computation (MIT Press-ek argitaratua) aldizkariaren editore buruari.

SIGEVO1

 

Carlos A. Coello Coellori buruz

Carlos Artemio Coello Coello Combinatorial Optimization taldearen burua da Basque Center for Applied Mathematics-en (BCAM) eta Cinvestav 3F ikertzailea Institutu Politekniko Nazionaleko Ikerketa eta Ikasketa Aurreratuen Zentroko Konputazio Departamentuan.

Txiapaseko Unibertsitate Autonomoko Ingeniaritza Zibileko Fakultatean ikasi zuen eta konputazio zientzietako masterra eta doktoregoa burutu zituen Tulane Unibertsitatean (New Orleans, Luisiana, Estatu Batuak).

190 artikulutik gora argitaratu ditu aldizkarietan, eta lau liburu, besteak beste, Evolutionary algorithms for solving multi-objective problems (Kluwer Academic Publishers, 2002; Spinger, 2007), munduko zenbait tokitan graduondoko ikastaroetarako testu moduan hartu dutena, eta baita Breve historia de la computación y sus pioneros (Fondo de Cultura Económica, 2003) liburua ere. Gainera, 60 liburu kapitulu argitaratu ditu ingelesez eta bere lanak 25.700 aipamen jaso ditu orain arte.

Hamabi sari eta errekonozimendu jaso ditu, nazionalak eta nazioartekoak, hala nola 2013ko IEE Kiyo Tomiyasu Award saria “aplikazio berritzaileak sortzeko aukera ematen duen teknologia bati egindako ekarpen bikainengatik”, 2012ko Zientzia eta Arteetako Sari Nazionala, Marcos Moshinsky katedra, IEEE Computational Intelligence Society IEEE Transactions on Evolutionary Computation Outstanding Paper Award saria, bi aldiz (2013an eta 2015ean), 2016ko TWAS Award in Engineering Sciences saria eta 2021eko IEEE Computational Intelligence Society Evolutionary Computation Pioneer Award saria.

2021eko urtarrilaz geroztik, arloko inpaktu faktore handieneko aldizkaria den IEEE Transactions on Evolutionary Computation (IEEE Press-ek argitaratua) aldizkariko editore postua lortu duen lehenengo latinoamerikarra da.

2022an, Guide2Research erakundearen Top 1000 Scientist in the Field of Computer Science and Electronics sailkapenak mundu osoko 284. tokian eta Mexikoko lehenengo tokian aipatu zuen.