Adimen artifiziala, 2022 urteko hitza Fundéu RAErentzat
- Fundación del Español Urgente fundazioak (Fundéu RAE) termino hori hautatu du komunikabide ugaritan duen inpaktuagatik eta hainbat alorretan sortarazi duen eztabaidagatik
Dartmouth College unibertsitatean (New Hampsire, Estatu Batuak), John McCarthy, Marcin Minsky, Nathaniel Rochester eta Claude Shannon adimen artifizialaz (AA) hitz egiten hasi ziren 1956ko udan. Urte hauetan guztietan zehar, adimen artifizialaren garrantzia eta ospea bigarren plano batean gelditu izan da sarritan. Ikerketa alde batera utzi zen iraganeko zenbait alditan, hasiera batean planteatu ziren erronka gehienetarako emaitzarik eman ez zuelako.
Jose A. Lozano, Basque Center for Applied Mathematics – BCAMeko zuzendari zientifikoa eta Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Konputazio Zientzietako eta Adimen Artifizialeko katedraduna, elkarrizketatu dugu. Lozano irakasleak adimen artifizialaren alderdi jakinetan sakonduz osatu du bere ikertzaile karrera.
Azken urteotako adimen artifizialaren garapen harrigarriaren oinarria ordenagailuen konputu gaitasunaren areagotze esponentziala izan da. Horri esker, zenbait jarduera gizakiek baino zehatzago eta azkarrago egiteko gai diren ereduak sortu dira, esaterako, irudien sailkapena. “AA gure artean bizi da gure bizitzako eremu ugaritan. Lehenik eta behin, mugikorreko aplikazioetan, Spotify bera adimen artifiziala baliatzen duen abestiak gomendatzeko sistema bat da. Ildo horretan bertan, iOs sistema eragilearen Siri ahots laguntzailea ere adimen artifizialeko sistema bat da, chatGPT-ren antzera, hau da, GPT-3 AA bidezko lengoaia ereduan oinarritutako txat sistema. Automobilgintzaren alorrean, adimen artifizialeko tresna eta ereduak erabiltzen dituzten kotxe autonomoak ditugu. Berez, autobus ibilbideen diseinua adimen artifizialeko teknikekin egiten da batzuetan. Aisialdiari dagokionez, Internet bidezko xakea adibide ona da inolako giza jokaldirik ikusi gabe garatu diren jokalari digitalak ezagutzeko, hala nola AlphaGo eta AlphaZero”, adierazi du Lozano irakasleak.
BCAMen adimen artifizialaren alorreko zenbait ikerketa proiektutan lanean ari gara. Osasunaren alorrean, kostuen, tratamenduen eta SARS-COV19 duten pazienteen larritasunaren iragarpena lantzen ari gara. Energiaren alorrean, berriz, eskariaren iragarpena ikertzen aritu gara. Azken proiektu horretan, lortutako emaitzak duela gutxi argitaratu dira artikulu batean, eta SEIO-BBVA Fundazioaren 2022 Sarietan estatistika aplikatuko ekarpen onenaren saria jaso dute.
BCAM ikertzen ari den adimen artifizialaren beste alor bat Fair Learning delakoa da edo, euskaraz, alborapenik gabeko ikastea. “Adimen artifizialeko sistema gehienek dituzten alborapenen arrazoia da ereduak ikasteko baliatzen duen datu multzoak hasiera batetik alborapenak dituela. Lortu nahi duguna da atributu sentikorren araberako (esaterako, generoa, arraza, erlijioa, etab.) bereizkeriarik egiten ez duten sistemak ikastea. Horretarako sortu dugu, hain zuzen, “BCAM Severo Ochoa Strategic Lab on Trustworthy Machine Learning” laborategia, Sussexeko Unibertsitateko (Erresuma Batua) Novi Quadrianto irakaslearekin lankidetzan”.
“Adversarial learning teknikak erabiltzaileak ikusten ez dituen baina sistema nahasten duten instantziak sortzen ditu. Instantzia horiek segurtasun arrakala dira adimen artifizialeko sistemetan. Esaterako, kotxe autonomoaren esparruan, trafiko seinale baten pixel bakar bat alda daiteke eta errekonozimendu sistema automatikoak beste seinale batekin nahastuko du. Ikerketa honetan sistemarentzako eraso eta defentsa metodoak sortzen ari gara”, azaldu du Jose A. Lozano irakasleak.
BCAMen berezitasunetako bat adimen artifizialaren oinarri matematikoen sorrera ikertzen dugula, baina, aldi berean, industrian eta segurtasunean duten aplikazioan jartzen dugu arreta, BAIC, Basque Artificial Intelligence Center, eta BCSC, Basque CyberSecurity Centre, zentroekin lankidetzan. “Gure ikerketa aplikatzen da, esaterako, makinen anomalien detekzioan edo gailuen bizitza denboraren aurreikuspenean.”
Etorkizunaren inguruan, Jose A. Lozanok azaldu du aukerak oso zabalak direla. “Oraintxe bertan AA duten sistemez inguratuta gaude. Hala ere, hori hasiera baino ez da. Adimen artifizialak iraultza ekar dezake batez ere osasunaren alorrera, medikuntza pertsonalizatua errealitate bihurtuta.” Adimen artifiziala erabil liteke ere gizakiei laguntzeko sistemak sortzeko, esaterako, adineko pertsonei laguntzeko. “Kolektibo horrek laguntza behar izaten du zenbait jardueratan, eta pertsona baten laguntza ordezkaezina izan arren, sistema automatikoak baliagarriak izan daitezke, batez ere prebentzio helburuetarako.”
Related news
Zentroari buruz
BCAMek adimen artifizialaren potentziala nabarmentzen du Innobasqueren Global Innovation Day 2024n
Zentroari buruz