BCAMek ongietorria eman dio Amira Kebir irakasleari Mujeres x África Fundazioaren Science by Woman programaren bitartez
- Kebir Maira Aguiarrekin batera arituko da lanean, Biologia Matematikoa eta Teorikoa taldeko burua. Elkarrekin, RepairX garatu eta zabalduko dute, hots, COVID-19aren testuinguruan txertaketa ahaleginak zabaltzeko erabaki tresna.
Amira Kebir matematika aplikatuetako irakasle elkartua da Tuniseko Unibertsitatean eta Tuniseko Pasteur Institutuko BIMS laborategiko ikertzailea. Bere ikerketa interesen artean daude eredu matematiko eta konputazionalen aplikazioa biologian eta osasun publikoan. Populazioen modelizazioan eta horien analisi matematiko eta zenbakizko analisian trebatuta dago, eta COVID-19 edo minbiziaren moduko gaixotasunekin lotutako osasun programen inguruko zenbait ikerketa proiektutan parte hartu du.
Matematika aplikatuak ikasteko motibazioa problemak ebazteko zaletasunekin eta matematiken kontzeptu abstraktuekiko liluratik datorkio. “Kontzeptu hauek mundu errealeko problemetara aplikatzeko gaitasuna eta pertsonen bizitzan benetako aldaketak lortzea dira aurrera jarraitzeko indarra ematen didana. Etengabe ari naiz ikasten eta nire ezagueren mugak gainditzen, horregatik da nire karrera ikertzailea hain estimulatzailea eta atsegina aldi berean”, azaldu du Amira Kebirrek.
BCAMeko Biologia Matematiko eta Teorikoa (Mathematical and Theoretical Biology - MTB) taldean lan egingo du, COVID-19aren testuinguruan txertaketa ahaleginak zabaltzeko balio duen RepairX erabaki tresna garatu eta zabaltzeko. “Oso pozik nago Maira Aguiarrekin eta BCAMeko MTB taldearekin lan egiteko aukera izango dudalako, bizitzako zientzien arloan benetako inpaktua eragiteko potentziala duen ikerketa berritzaile honetan. MTB taldea berriki sortu den eta hazten ari den ikerketa taldea da, eta nazioarteko zientzialari askorekin aritzen da lankidetzan; horregatik nago diziplina arteko izaera nabarmena duen talde horrekin lan egiteko irrikatan”, adierazi du.
MujeresxÁfrica proiektuarekin bat egitea motibazio eta aukera ezin hobeak izan ziren matematika aplikatuen arloko beste ikertzaile batzuekin lankidetzan hasteko eta COVID-19aren txertaketa hobetzeko proiektu batean laguntzeko. “MujeresxÁfrica proiektuak Afrikako emakumeen ahalduntzea eta genero berdintasuna ditu helburu, eta bat dator nire balio pertsonalekin eta ikerketa interesekin. Matematikaria naizen heinean, uste dut gure arloak gizartearen eremu ugaritan inpaktu nabarmena sortzeko potentziala duela, hala nola osasuna, ingurumena edo gizarte justizia. MujeresxÁfrica proiektuak nire ezaguerak eta esperientzia Afrikako emakumeen bizitza alda dezakeen proiektu baten zerbitzura jartzeko aukera ematen dit”, zehaztu du Amira Kebirrek.
Proiektu horren helburua SEIR/D eredua parametro hauetan txertatzea da: adinaren araberako transmisio dinamika, gaixotasun larriaren arriskua eta txertaketaren eta gaixotasunaren suspertzearen faseen banaketari lotutako heriotza tasa. “Horrela, adinaren eta gaixotasunaren fasearen araberako txertaketa ahalegin optimoa zehaztuko dugu eta txertaketak kasuen larritasunean, ospitaleratzeetan eta heriotza tasan dituen eraginak alderatuko ditugu, uneko estrategien edo proposatuko diren planteamendu berrien bidez”, azaldu du Amira Kebirrek. “Lortu nahi duguna adin tarte bakoitzerako txertaketa estrategia optimoa da, seroprebalentzia handiko egoera batean, kasu larrien edo heriotzen kopurua ahalik eta gehien murrizteaz gain. Era berean, txertoaren dosi gehigarri baten administrazio optimoa ikertuko dugu, eta kasu larrietan eta heriotzetan duen inpaktua ere bai”. REPAIR proiektuari esker Spike-n zuzendaritzapean lortutako Abs inkesta serologikoetako datuak dituzten Afrikako herrialdeetan garatuko da, hala nola Senegal, Madagaskar, Tunisia eta Kamerun.
Matematika Aplikatuen Euskal Zentroa - BCAM aukeratu da harrerako erakunde gisa, jatorri eta ezaguera anitzeko ikertzaileekin lankidetza berri, egonkor eta baliotsuak ezartzeko borondatea duelako eta bizitzako zientzien arloan benetako inpaktua sortaraz dezakeen ikerketa berritzailea sustatzen duelako. “Txertaketaren optimizazio proiektuan lanean hasteko irrikatan nago, erronka handia baita eta alor desberdinetako ikertzaileen lankidetza eskatzen baitu. BCAMen lan egiteak lankidetza, berrikuntza eta bikaintasuna bilatzen dituzten zientzialarien komunitate batekin harremana ezartzeko aukera emango didala espero du, eta ikertzaile horiekin lankidetzan aritzeko eta komunitate zientifikoari ekarpen baliotsuak egiteko ilusio handia daukat”, gehitu du irakasleak.
Mujeres x África Fundazioa
FMxA irabazi asmorik gabeko Espainiako erakunde pribatua da. 2012ko otsailean sortu zuen María Teresa Fernández de la Vegak, Espainiako Gobernuko presidenteorde ohiak. Bere eginkizuna “Afrikako emakumeen lidergoa sustatzea da, ikerketa zientifikoan eta teknologiaren transferentzian, eta beren jatorrizko herrialdeetako ikerketa zentroen gaitasuna areagotzea”.
Related news
Zentroari buruz
BCAMek adimen artifizialaren potentziala nabarmentzen du Innobasqueren Global Innovation Day 2024n
Zentroari buruz