BCAMeko BATERA mentoring programak helburuak betez amaitu du lehen hiruhilekoa
- Programak izandako harrera onaren ondoren, gainerako mentor-mentee bikoteekin jarraituko du aurrera ikasturteko bigarren eta hirugarren hiruhilekoetan
Programaren helburua ikertzaile gazteei orientazioa, laguntza, trebakuntza eta harremanak eskaintzea da, ikasketa eta doktorego prozesuaren bidean. BATERA programak lagun egiten die eta zenbait alderdiren inguruko hausnarketan gidatzen ditu, esaterako: karrera profesionalean lortu nahi dituzten helburuak, garatu nahi dituzten gaitasunak eta kontuan hartu beharreko lan aukera interesgarriak.
Doktorego esperientzia bakoitza desberdina da eta ez da erraza izaten; horregatik da hain garrantzitsua ikertzaile gazteentzat ereduak izatea. Dena da errazagoa dagoeneko hori bizi izan duen pertsona baten erreferentzia baduzu, hau da, igarotzen ari zarena normala dela eta ikasketa prozesurako beharrezkoa izango dela argitzen dizun pertsona bat. Matematika Aplikatuen Euskal Zentroak - BCAM ekimen honekin lortu nahi duena da ikertzaile gazteen esperientzian lagundu eta esperientzia horiek hobetzea, aldi berean mentor eta mentee artean ezaguerak eskualdatzeko balio duen komunikazio sarea sortuta. Langileentzat onuragarria izateaz gain, zentroko ikertzaileen arteko sinergiak ahalbidetuko ditu.
Dae Jin Lee doktorea BATERA programako mentorea da baina programa bi aldetatik bizi izan du: “Mentee eta mentor izan naiz nire karrerako garai desberdinetan eta, zalantzarik gabe, bi alderdientzat da onuragarria esperientzia hau. “Ohikoa” eta garrantzitsua den puntu bat mentee eta mentor arteko giro positiboa sortzea da; ezinbestekoa da bikotekideak ongi hautatzea”. Dae-Jin mentore izan duen Lorenzo Nagarren esperientziak bikotekideen hautaketaren garrantzia azpimarratzen du, Dae-Jin berak esandako moduan: “Lehendik ezagutzen nuen eta konfiantza genuen. Programa amaitu den arren, mentoring harreman hori mantendu dezaket Dae-Jinekin”. Baina argitu du ere: “hori, agian, desberdina izango da beste kasu batzuetan”.
“Ideia bikaina dela uste dut, bikotekideak behar bezala hautatzen badira. Jendeak nahi duena edo behar duena adierazi behar du (laguntza, etorkizunerako aholkuak, gomendio orokorrak…) mentorea ikaslearen beharrekiko egokia izan dadin”, gehitu du Martín Parga programako mentee-ak. Tutoretzak pertsonei (tutoreei zein tutoretzapekoei) animoa eta laguntza emateko balio du, etengabe ikasten jarraitzeko, beren ikaste eta pentsamendu prozesuak kontrolatzeko eta horien inguruan hausnartzeko. “Sarritan espazio gehiegi izaten ez duten gaiak jorratzeko espazio baliagarria izan da, hala nola diziplina anitzeko karrera bat nola planteatu hori errazten ez duen sistema batean, bizitza-lana orekak, ebaluazio akademikoaren presioak nola kudeatu, etab.”, azaldu du BATERAko mentorea den Miguel Aguilera doktoreak.
Rodrigo Azevedo doktoreak, BATERA programako mentoreak, denboraren kudeaketa eta estres eta frustrazioaren kontrola aipatu ditu mentee-ek planteatzen dituzten arazoen aurrean, mentoreen laguntzarekin gainditu behar izaten dituztenak: “Ikasle batzuek, zalantzarik gabe, onura aterako diote interakzio honi, batez ere denboraren kudeaketari eta epe ertainerako karreren plangintzari dagokienez, ikerketa prozesuaren estres eta frustrazioari buruz hitz egiteaz gain, guztiei eragiten dien arazoa izaten baita”.
Lehen hiruhileko honetan lortutako emaitza arrakastatsuaren ondoren, BCAMeko BATERA mentoring programak aurrera jarraituko du ikasturteko bigarren eta hirugarren hiruhilekoetan. “Nire ustez, mentoring programak oso eragin positiboa izan dezake BCAMen, eta zentroaren funtzionamenduaren zati garrantzitsu bihurtzea espero dut, komunitatea are sendoagoa eraikitzeko. Pozik jarraituko dut programan parte hartzen, mentore moduan edo mentoring programa sustatu eta garatzen lagunduz” esan du amaitzeko Aguilerak.
Related news
Zentroari buruz
BCAMek adimen artifizialaren potentziala nabarmentzen du Innobasqueren Global Innovation Day 2024n
Zentroari buruz