Bilbon bildu da SOMMa, bikaintasunaren aliantza zientifikoa, ikerketaren ebaluazioan hobekuntzak lortzeko
Severo Ochoa Zentroek eta María de Maeztu Unitateek (SOMMa) osatutako Bikaintasunaren Aliantzaren 80 ordezkaritik gora Bizkaia Aretoan bildu dira ikerketa zientifikoaren ebaluazioaren azken joerak aztertzeko.
Bilbo, maiatzak 17 - Ikerketa zientifikoak zuzeneko inpaktua du gizartean eta gure ekonomiaren lehiakortasunean. Azken urteotan mundu mailako eztabaida bat sortu da komunitate zientifikoan ekoizpen zientifikoaren emaitzen ebaluazio sistemak modu zehatz eta zuhurrean hobetzeko beharra aldarrikatzeko.
SOMMa Aliantzak eztabaida hori ezagutzera eman du Ikerketako Ebaluazioari buruzko San Frantziskoko Adierazpenaren (DORA, ingelesez) 10. urteurrenean. Horretarako, bere zientzia irekiko profesionalen komunitatea bildu du, beste aditu batzuekin batera, ikerketa jardueraren ebaluazioaren erreformako politika berriak aztertzeko, arreta berezia jarrita ikerketa karreretako sustapenean duten inpaktuan.
Bilbo da SOMMa Aliantzaren presidentziaren egoitza estrategikoa, María José Sanz Basque Centre For Climate Change (BC3) zentroko zuzendari zientifikoaren bitartez, hark hartu baitzuen Aliantzaren presidentearen kargua 2022ko azaroan. Bera izan da jardunaldia inauguratzearen arduraduna, Fernando Cossío Zientziarako Euskal Fundazioaren (Ikerbasque) zuzendari zientifikoarekin batera.
“SOMMa-ren baitan dauden zentro eta unitateen aniztasuna aukera paregabea da ikerketa zientifikoaren ebaluaziorako politika berri hauek egokitzeko, ikertzaileen karreraren mesedetan” adierazi du María José Sanzek.
Topaketa streaming moduan eman da eta SOMMa-ko zientzia irekiko lantaldeak antolatu du, Matematika Aplikatuen Euskal Zentroarekin (BCAM) eta Kataluniako Nanozientzia eta Nanoteknologia Institutuarekin (ICN2) lankidetzan, biak ere Severo Ochoa zentroan izanik 2014az geroztik.
Horrez gain, SOMMa-k parte hartze aktiboa izan du 2023-2027 aldirako Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak eta Unibertsitateen Ministerioak egin duten lehen Zientzia Irekiaren Estrategia Nazionalaren (ENCA, gaztelaniaz) prestaketa prozesuan.
Eva Méndezek aurkeztu ditu, Ikerketaren Ebaluazioaren Aurrerapenerako Nazioarteko Koalizioaren (CoARA) ordezkari gisa, ikerketaren ebaluazioa irizpide kualitatiboei jarraituta egiteko behar diren erreformak sustatzeko oinarriak ezartzen dituen Europako akordio honen alderdirik garrantzitsuenak.
Pilar Panequek, Kalitate eta Akreditazioaren Ebaluazioaren Agentzia Nazionalaren (ANECA) zuzendariak, bertaratuei azaldu die zein den kalitate agentzien eginkizuna ikerketaren ebaluazioaren erreforman.
Ondoren “Zientziaren ebaluazioaren erreforma eta talentua erakartzeko eta mantentzeko duen inpaktua” mahai ingurua garatu da, parte hartzaile hauekin: Leiden University unibertsitateko Centre for Science and Technology Studies (CWTS) zentroko Ismael Ràfols, FECYT Sarbide Irekiko Unitatearen burua den Pilar Rico eta Fernando Orejas, informazio teknologien alorreko aditua.
Severo Ochoa zentroek eta María de Maeztu unitateek Espainian, Zientzia eta Berrikuntza Ministerioaren bitartez,
ematen den ikerketa zientifikoaren errekonozimendu ofizial gorena daukate.Gaur egun, SOMMa Aliantzak 65 erakunde ditu barne, hainbat diziplina zientifikotakoak, eta bere helburua Aliantza osatzen duten kide guztiek ekoiztutako bikaintasuneko ikerketa nazioarteko eremuan sustatzea da, inpaktu zientifiko, sozial eta ekonomikoa areagotzeaz gain.
Une honetan, Aliantzako profil anitzeko zenbait kidek osatutako sei lantalde daude aktibo eremu hauetan: generoa, kudeaketa, SO/MM akreditazioak, zientzia irekia eta teknologia transferentzia.
Ikerketa zientifikoaren ebaluazioaren erreformaren eztabaida 2012an hasi zen, Ikerketako Ebaluazioari buruzko San Frantziskoko Adierazpenaren (DORA) nazioarteko mugimenduarekin. Bertan, aldizkari akademikoen editore talde batek zenbait gomendio garatu zituzten ikerketaren balorazioa ikerketa beraren kalitatean oinarritu dadin, eta ez ikerketa argitaratzen duten aldizkarien ospean.
Errealitatean, gaur egun, ez dago ebaluazio zientifikorako sistemak arautzen dituen protokolo globalik; beraz, saihestezina da ikerketaren etorkizunerako funtsezkoa den alderdi horren mekanizazioa.
Related news
Zentroari buruz
BCAMek adimen artifizialaren potentziala nabarmentzen du Innobasqueren Global Innovation Day 2024n
Zentroari buruz