Mexikoko Colegio Nacional erakundeak BCAMeko Carlos A. Coello Coello ikertzailea hautatu du hurrengo kide moduan
BCAMeko Carlos A. Coello Coello ikertzailea aitzindaria da “helburu anitzeko optimizazio ebolutiboa” izeneko ikerketa eremuan eta bere lana Adimen Artifizialean aplikatu izan da.
Mexikoko Colegio Nacional erakundeak pasa den maiatzaren 5ean ospatu zuen kide berrien sarrera ekitaldia. Carlos A. Coello Coello Combinatorial Optimization ikerketa taldearen buru da BCAMen eta Institutu Politekniko Nazionaleko Ikerketa eta Ikasketa Aurreratuen Zentroko Konputazio Departamentuko ikertzailea ere bai.
Mexikotik adierazi dutenez, Carlos A. Coello Coelloren izendapenari esker, ordura arte Colegio Nacional erakundeko kontseilukideen artean ordezkaritzarik ez zuen zientziaren alor berri bat gehitu dute, hots, konputazioa. Coello Coellok honako hau adierazi du: “Benetan, ohore handia da niretzat, Colegio Nacional-eko kide izatea zientzialari batek Mexikon jaso dezakeen saririk garrantzitsuena baita. Horrez gain, erakunde paregabe honetan sartzen den lehenengo konputazio aditua izatea errekonozimendu argia da oso bizi eta aktiboa den Mexikoko konputazio komunitatearentzat. Hala ere, horrek erantzukizun handia dakar ere, nolabait nire komunitatearen ordezkari izan beharko dudalako erakunde garrantzitsu honetan”.
BCAMeko ikertzailea Mexikoko Colegio Nacional-era sartzea “argi eta garbi arrakastarik handiena da konputazioaren zientzietako oinarrizko ikerketa egiten dugunontzat, zientzia zehatzetako zientzialariak garelako aitorpena baita”. Carlos A. Coello Coelloren aburuz, hurrengo urratsa konputazio zientziekin lotutako dibulgazio ekitaldiak egitea izango da. Adimen artifizialarekin eta zibesegurtasunarekin lotutako ekitaldiak antolatu nahi ditu, “gizarte sareetan eta zenbait komunikabidetan alor hauetako uneko teknologiei buruz agertzen den informazio faltsu edo gehiegizkoaren zati handi bat desmitifikatzeko eta zehatz-mehatz azaltzeko xedearekin”.
Mexikoko Colegio Nacional herrialdeko ospe handieneko erakundeen artean dago eta Mexikoko zientzialari, idazle, artista eta intelektual nagusitzat jotzen diren 40 kide ditu gehienez. Erakunde horren kide izan dira, besteak beste, Octavio Paz (Literaturako Nobel sariaren irabazlea) eta Mario Molina (Kimikako Nobel sariaren irabazlea). Gaur egun, Pablo Rudomín, Bolívar Zapata eta Eduardo Matos Moctezuma (Princesa de Asturias sariaren irabazleak) bezalako zientzialari nabarmenak ditu bere kideen artean.
Carlos A. Coello Coellori buruz
Carlos Artemio Coello Coello Combinatorial Optimization taldearen burua da Basque Center for Applied Mathematics-en (BCAM) eta Cinvestav 3F ikertzailea Institutu Politekniko Nazionaleko Ikerketa eta Ikasketa Aurreratuen Zentroko Konputazio Departamentuan.
Txiapaseko Unibertsitate Autonomoko Ingeniaritza Zibileko Fakultatean ikasi zuen eta konputazio zientzietako masterra eta doktoregoa burutu zituen Tulane Unibertsitatean (New Orleans, Luisiana, Estatu Batuak).
190 artikulutik gora argitaratu ditu aldizkarietan, eta lau liburu, besteak beste, Evolutionary algorithms for solving multi-objective problems (Kluwer Academic Publishers, 2002; Spinger, 2007), munduko zenbait tokitan graduondoko ikastaroetarako testu moduan hartu dutena, eta baita Breve historia de la computación y sus pioneros (Fondo de Cultura Económica, 2003) liburua ere. Gainera, 60 liburu kapitulu argitaratu ditu ingelesez eta bere lanak 25.700 aipamen jaso ditu orain arte.
Hamabi sari eta errekonozimendu jaso ditu, nazionalak eta nazioartekoak, hala nola 2013ko IEE Kiyo Tomiyasu Award saria “aplikazio berritzaileak sortzeko aukera ematen duen teknologia bati egindako ekarpen bikainengatik”, 2012ko Zientzia eta Arteetako Sari Nazionala, Marcos Moshinsky katedra, IEEE Computational Intelligence Society IEEE Transactions on Evolutionary Computation Outstanding Paper Award saria, bi aldiz (2013an eta 2015ean), 2016ko TWAS Award in Engeneering Sciencies saria eta 2021eko IEEE Computational Intelligence Society Evolutionary Computation Pioneer Award saria.
2021eko urtarrilaz geroztik, arloko inpaktu faktore handieneko aldizkaria den IEEE Transactions on Evolutionary Computation (IEEE Press-ek argitaratua) aldizkariko editore postua lortu duen lehenengo latinoamerikarra da.
2022an, Guide2Research erakundearen Top 1000 Scientist in the Field of Computer Science and Electronics sailkapenak mundu osoko 284. tokian eta Mexikoko lehenengo tokian aipatu zuen.
Related news
Zentroari buruz
BCAMek adimen artifizialaren potentziala nabarmentzen du Innobasqueren Global Innovation Day 2024n
Zentroari buruz